2009/06/30

Agur esatea...

...gauzarik zailenetarikoa...

Zenbatetan esan behar izan dugu "agur" gure bizitzan zehar...? Hitz bat baino ez da, lau hizki besterik ez... baina, zein zaila den batzutan hitz hau ahoskatzea...

Askotan, egun batetik bestera, pertsona berriak sartzen dira gure bizitzan, batzutan, maiteak, beste batzutan, lagunak... eta batzutan, nahiz eta jakin epe jakin baterako baino ez direla etorriko, nahiz eta jakin azkenean joan egingo direla, planak egiten ditugu, betirako gurekin geratuko balira bezala, ez dugu pentsatu nahi, pertsona horiek gu uzteko eguna hurbilago dagoela... baina azkenean, beti bezala, egun hori heltzen da... Pertsona horiek beren bidea jarraitu behar dute, gugandik urrun... Beti dago aukera egunen batean berriz elkartzeko, telefonoz hitz egiteko, kontaktuan egoteko, horrelakoetan, gure harremanak berdin jarraitu behar duela esaten dugu... baina jakina da, distantziak harremanak hoztu egiten dituela, eta pertsona horiek luzaroan gure alboan ez egon arte, ezer ez dela izango lehengo moduan...

Aurrekoetan esan dudan moduan, askotan ez gara ohartzen zorion momentu txikietaz, eta pertsona hauek urruntzen zaizkigunean, orduan bai, konturatzen gara haiekin gure bizitzako momentu onenetarikoak bizi ditugula, baina orain haiek, haien bidea jarraitu behar dute, haien herrialdetan, gugandik kilometro askotara...

Agur esateko ordua, agurarren eguna heldu da... Ospakizun antzeko bat egingo dugu, primeran pasatuko dugu, elkarrekin igarotako momentuak gogoratuko ditugu, baina momentuz, berarekin egongo garen azken eguna izango da... Elkarren berri izango dugu, udan zehar, urtean zehar, laster etorriko zara guri bisita egitera eta hemengo jaietaz gozatzera, gu ere zuri bisita egitera joango gara ahal dugunean, baina hurrengo egunean ez zara gugandik hurbil egongo, ezer ez da izango urte honetan izan den bezala... Gure koadrillako beste partaide bat izan zara, gure koadrilla ez da oso handia, baina guztiok maite diogu elkarri, eta zu, hilabete hauetan zehar, koadrillako taldekide bat gehiago izan zara, momentu askotan egon gara elkarrekin eta momentu ahaztezinak eman dizkiguzu, eskerrik asko guztiagatik, espero dut zure ikasketak laster amaitzea eta zure ametsa betetzea, hau da, hemen, gure ondoan, Euskal Herrian, Bilbon bizitzea etorkizunean. Zure zai egongo gara...

2009/06/29

Gauza txikienek...

...dute garrantzi gehien gure bizitzan...

Ez al duzue pentsatu inoiz, zelako garrantzia izan ditzaketen hainbat gauza txikik... abesti batek, lagun batek esandako esaldi batek, ekintza txiki batek...

Zorion osoa bilatzen egoten gara bizitza osoan zehar, baina, ba al dago mundu honetan guztiz zoriontsua den inor? Momentuaz gozatu behar dugu, etxean gaudenean, gure gelan lasai lasai egon, gure diskarik gogotsuena jarri, eta musikaz gozatu... gure burua gauza txarrez ustu, erretzaileon kasuan, zigarrotxo bat piztu... eta abestietan sartu... Ez al da zoriona, abesti baten eraginez dena ahaztea lortzen dugunean?

Etxetik ateratzen garenean, gure lagunekin egoten garenean, haiek esandako esaldi bakoitza, zentzurik ez izan arren, munduko tontakeriarik handiena izan arren... tontakeri horiei esker ahazten ditugu askotan gure arazoak, lagunekin gauden momentu hori magiko bihurtzen da, gainontzeko gauzak ahaztu eta beste mundu batean sartzen gara, aspaldian elkarrekin igarotako momentuak gogoratu, gure gauzei buruz, asteburuari buruz hitz egin... klima berezia sortzen dugu, hainbat arazo izan ditzakegu, baina momentu horietan dena ahazteko gai izan gaitezke, gure bizitzako gauzarik politena gure lagunak direlako, gure benetako lagunak, beti hor egongo direnak, haien laguntza guri eskeintzeko prest, gure deiari erantzuteko prest... Ez al da zoriona lagunei esker dena ahaztea lortzen dugunean?

Momentu txikienak ere disfrutatu egin behar ditugu, zoriontasun osoa bilatzeari utzi behar diogu, eta egunero izaten ditugun momentu guztietaz gozatu... Gure eguneroko bizitzan, askotan ez gara konturatzen momentu horietaz, baina denborarik ez daukagunean horrelako momentuak eukitzeko... asko igartzen dugu haien falta... zenbat gauzek eragiten duten zoriona... Lagun baten irrifarrak, aspaldi deitzen ez gaituen lagun baten deiak, gustoko dugun talde baten kontzertuak, gustoko dugun abesti bat irratian ipintzeak, etxean bakarrik uzten gaituztenean somatzen den lasaitasunak...

Momentu hauek disfrutatzen ikasten dugunean, orduan, hasiko gara zorionaren aurpegia ikusten...

2009/06/28

Ez dakit zein den bidea...

...hegan egiteko...

Zein da zoriona lortzeko egin beharreko bidea?

Egunero hainbat erabaki hartzera behartuta gaude, erabaki bakar batek gure bizitza goitik bera alda dezake, batzutan denbora daukagu, beste batzuetan ez, momentuan bertan hartu behar izaten ditugu erabakiak.

Askotan, beldurragatik agian, ez gara gai gure bizitzan aldaketak egiteko, ausartagoak izan beharko ginateke, gehiago arriskatu, erabaki bat hartzen dugunean baliteke gauzak gaizki ateratzea, baina ondo atera daitezke ere. Dena den, hobe da erabaki bat hartu baino lehen, izan ditzaken ondorioetan pentsatzea, erabaki bat hartzerakoan, zeren aurrean egongo garen jakitea komeni da, ostantzean ustekabe desatseginak izan ditzakegu...

Gure bizitzan etapa ezberdinak pasatzen ditugu, eta jakin behar dugu noiz eman hasiera etapa berri bati eta batez ere gai izan behar gara etapa bati amaiera ipintzeko, "honaino" esaten ikasi behar dugu. Badakit ez dela erraza, baina batzutan ez dago beste aukerarik, gure bizitzako etapa batzuk oso gogorrak dira, eta batzutan, gaizki pasatu arren, ez diogu amaierarik ipintzen, batzutan gauzak bakarrik aldatuko direla pentsatzen dugu, baina borondaterik ez badugu, gure partez zer edo zer ez badugu ipintzen, gauzak ez dira inoiz aldatuko. Denak dauka bere hasiera eta bere amaiera, batez ere gauzak ondo ez doazenean, kementsuak izan behar gara.

Etapa berriei beldurra galdu behar diegu, gugan siniztu, modu honetan gauzak hobera joango dira. Etapa bat amaitzen denean indartsu hasi behar dugu hurrengo aroa, aldaketa ongi atera dadin, gure denbora triste egonda igarotzen badugu, denbora galdu baino ez dugu egingo eta bizitza bakarra daukagu, bakarra eta motza, horregatik gure bizitzako minutu eta segundu bakoitza aprobetzatu behar dugu, gugan pentsatu, gainontzekoak ahaztu, azken finean gu geu gara gure bizitzako jabe bakarrak.