2010/02/14

Behin esan zenidan, arrazoi zenuen...

... aro bakoitza ahaztezina dela...

Izango naiz une berrien zain, aro berria da...

Egunak, gauak, hilabeteak pasatu dira... Hainbeste denbora lagun gisa maite ninduzula esan zenuenetik... Hasieran ez nuen sinestu, ez nuen sinestu nahi, baina azkenean, hortik aurrera eduki zenuen jokabideagatik egia zela pentsatu nuen...

Gaur, hiru hilabete geroago, gezur hutsa zela esan didazu, beti maite izan nauzula, baina onena zela biontzat hori esatea... Aro berria hasi behar genuela esan zenidan, eta halaxe egin dut, kostatu zait, baina aurrerapausoa egitea lortu dut. Inoiz ez zaitut nire burutik atera, baina azkenean lortu dut zu gabe beste pausu bat ematea... Badakizu inoiz ez dizudala gezurrik esan, azalpenak eman dizkizut, eman behar ez nizkizunean ere... Baina badakizu, beti izan naiz zintzoa, eta onena, gauzak argi esatea da.

Badakit mindu zaitudala, badakit ez zenuela espero... Ulertu dut zure jokabidea, oso gustora hitz egin dut zurekin, hiru urtetan izan dugun elkarrizketarik zintzoena izan da. Elkarrizketa polita iruditu zait, behar genuen horrelako elkarrizketa izatea, baina gaur, inoiz baino mindutagoa nago... Zergatik ez zenidan aitortu, aurrekoan esandakoa, lagun gisa maite ninduzula, gezurra zela? Zergatik ez didazu lehenago esan denbora daramazula gaizki pasatzen? Horrelako gauzak jakiteko eskubide osoa dudala deritzot, nik beti esan dizut zelan sentitu naizen... Orain, berandu da. Aurrerapausoa emanda dago, eta ez dago atzera buelatik.

Erabakia hartuta dago: Amaitu da, betiko. Zenbatetan saiatu gara betiko amaitzen? Ez zegoen amaituta? Ez dut ezer ulertzen... zer aldatuko da hemendik aurrera? Zure telefono zenbakia ezabatzeko esan didazu. Ez dut egingo, gainera, buruz dakit lehenengo egunetik... Nik, nirea ez ezabatzeko eskatu dizut, baina aspaldi ezabatu zenuela erantzun didazu... Zuk ere buruz dakizu... Horregatik jarraitu duzu deitzen, gutxiago, egia da, baina astero ikusi dut zure izena nire mugikorrak jotzen zuenean... Ikusita dago, telefono zenbakia ezabatzeak ez du ezer konpontzen...

Gehiago deituko ez dizazula esan didazu, nire ahotsa entzuteak minduko zaituela... Egia da, hori izango litzateke erabakirik zuzenena... Beteko al duzu zure hitza oraingoan? Onena izango litzateke, bai, baina ez dut pentsatu nahi ez dudala zure ahotsa berriro entzungo...

...aro berria da... Hala dio Kautaren kantak... hala esan didazu zuk... aro berria al da? Denborak esango du...